Manifestuaren aurkezpena. (Argazkia: Aiaraldea).

15 kirolari ezagunek, 15 ikastetxe eta guraso elkartek eta zenbait euskalgintza erakunde eta kirol elkartek izenpetu dute.

Aiaraldean, eskualdeko kirolean, bereziki futbolean, euskararen erabilera bultzatzeko beharra ikusi dute. Hain zuzen ere, bultzatzaileen esanetan, “beste kirol batzuetan euskarak duen presentziatik urrun” ikusten dute eskualdeko futbola. Are gehiago, kontuan hartuta “futbola eskualdean jende gehien mugitu eta baliabide gehien dituen kirola izanik”, honako galdera egin dute: “Hori horrela izanik, nola liteke futbolean euskara jokoz kanpo geratzea?”.

Manifestu hau sinatzearekin bat, aipatutako eragile guztiek futbol taldeei eskatu diete honako konpromisoak hartzeko:

1. Euskalgintza eta instituzioekin elkarlanean aritzea futbolean euskara sustatzeko.

2. Futbol taldean euskara bultzatzeko, Euskara Plana egin eta bete dezala futbol elkarte bakoitzak.

3. Komunikazio osoa (kartelak, esatariak, prentsa-oharrak, deialdiak…) gutxienez elebitan izan dadila, euskarari lehentasuna emanez.

4. Beheko mailetatik hasita entrenatzaileak euskaldunak izan daitezela.

5. Futbolak duen gizarte proiekzioa kontuan hartuta, gure hizkuntzarekiko jarrera pro-aktiboa izan dezatela.

Eta, azkenik, gurasoak futbola euskaraz eskatzera animatu nahi dituzte, seme-alaben euskalduntzean aisialdia eta kirola ere pieza klabeak baitira.

Manifestuarekin bat egiteko

Manifestuarekin bat egiteko aukera zabalik dago nahi duen norbanako edo entitate ororentzat: info@aiaraldekoeuskalgintza.eus helbide elektronikoan edo 688 86 49 29 telefono zenbakian.