Aiaraldea Kooperatibak, Trebiñu Sagardotegiak, Baiona Hortz Klinikak, Gamarrako Ostalaritza eskolak eta Paul Urkijok jaso dute 2018ko Lazarraga saria

Arabako arlo sozioekonomikoan euskararen alde egindako lana aitortu nahian izendatu zituzten saridun Artium museoan azaroaren 15ean egindako ekitaldian.
Sari emanaldian irabazleen bidegile-izaera azpimarratu zuten: “Lazarraga aitzindaria izan zen euskaraz idatzi zuelako; haren izena hartu duten Lazarraga Sariak ere aitzindariak dira eta saritutako enpresak ere aitzindariak dira.”

Saridunak
Lehenengo saria Aiaraldea Kooperatiba Elkartearentzat izan zen gizarteari “plaza komunikatibo ireki bat eskaintzen” diolako. Aiaraldea Kooperatibak, 2010etik Bai Euskarari Ziurtagiria du; hau da, goreneko maila, modu eredugarrian zerbitzua eta lana euskaraz egiten baitute.

Bigarren saridunari, Trebiñu Sagardotegiari “Araban euskaraz topa egiteagatik” eman zioten aitortza. Haiek ziurtagiriaren Bidean maila dute eta ingurukoentzat erreferente bilakatu dira.

Orobat, Baiona Hortz Klinikak “odontologiako zerbitzu integrala eskaintzen du, nola ez, euskaraz”. Klinikak ere Bidean ziurtagiria du.

Laugarren saridunak azukre tontorra jarri zuen ekitaldian. Izan ere, sukaldaritzan, okintzan eta gozogintzan eskarmentu handia duen Gamarrako Ostalaritza Eskolak jaso zuen aitortza “Arabako Ostalaritzaren etorkizuna euskaraz izan dadin lan egiteagatik “.

Azken saridunak, Paul Urkijo Errementari pelikularen zuzendariak, zinemaren industrian, lanean, bizitzan… euskara bide hoberenetik zuzentzeagatik jaso zuen saria. Ramiro Gonzalez de Vicente Arabako Foru Aldundiko Ahaldun Nagusiak eman zion saria Gasteiztarrari.

Halaber, azpimarragarria da Ahaldun Nagusiak ekitaldian adierazitakoa: “Aldaketak ari dira gertatzen eta, pixkanaka, euskara sustatzea eta erabiltzea onuragarria dela jabetzen ari dira enpresak”. Bestetik, esan zuen ezin dela “ahaztu  gure entitate eta  enpresetan lanean hasten ari den gazteria berria elebiduna dela neurri handi batean, eta euskaraz lan egiteko aukera eskaintzea dagokigula gu denoi”.

Amaitzeko, nabarmendu zuen Arabako Foru Aldundiak badakiela “euskararen sustapenak babesa behar duela, eta horregatik, ahalegin berezia ari da egiten plangintza prestatzen Araban Euskara Sustatzeko Plan Estrategikoaren bidez”.

Saridun guztiek eskerrak eman zituzten eta, aurrera begira ere, euskaraz lan egiteko bidea jorratzen jarraituko dutela adierazi zuten.

Lazarraga sariak Lanabes Araban euskara lanean programaren barruan antolatzen dira bi urtean behin. Lanabes programa Arabako arlo sozioekonomikoan euskararen presentzia txertatzeko eta handitzen laguntzeko sorturiko ekimena da eta Lazarraga Sarien talde sustatzailea programa horren barruan ari direnek osatzen dute: Arabako Foru Aldundia,  Arabako Enpresak-SEA,  Arabako Merkataritza eta Industria Ganbera, Aenkomer-Arabako Merkataritza eta Zerbitzuetako Enpresariak,  Electra Vitoria Orona, Oreka It, Laneki eta Bai Euskarari Elkartea.