Uztailaren 18an Arabako Foru Aldundiak eta Arraia-Maeztuko Udalak Miel Angel Elustondok idatzitako Abdon Gonzalez de Alaizaren Alfabetoa liburua aurkeztu zuten.

Euskarazko lehen komikiaren sorkuntza eta haren bultzatzailearen, Abdon Gonzalez de Alaiza Musituko aktibista kulturalaren irudia errepasatzen dituen argitalpena da.

Herrialde honetan, XIX. mendea gakoa izan zen euskarari dagokionez. Orduan egin zuen atzera gure hizkuntzak aurrez inoiz ez bezala, hainbat ikertzaile eta historialarik azaldutakoaren arabera, adierazi zuen Lexuri Ugarte Aretxaga Euskararen eta Gobernu Irekiaren zuzendariak. Eta hain zuzen mende haren amaieran, 1876an, foruak deuseztatu ziren garai berean, jaio zen Arabako Mendialdean, Musituko herrixkan, euskarari distira emango zion arabarra: Abdón Gonzalez de Alaiza Azazeta, liburu horren protagonista eta Txistu euskarazko lehen komikiaren bultzatzaile nagusia.

Zenbait iturriren arabera, Gonzalez de Alaiza da Txistu lanaren sortzailea. Baina testu horretan jasotako alfabetoa kontuan hartuta, komiki horren egileak ezezaguna izaten jarraitzen du. Dena den, ziur asko Txistu lanak ez zuen argirik ikusiko Musituko bizilagun horrek erakutsi zuen adorea erakutsi izan ez balu. Horrelakoa zen Abdón Gonzalez de Alaiza, euskaltzale handia XX. mendearen lehen laurdeneko Madrilen. Abdon, ekintzaile peto-petoa, Madrilgo euskal gai guztien sortzaile, bultzatzaile sutsu eta oroegilea, zenbaitek egokiro adierazi duten bezala.

Abdon gorputz eta arima aritzen zen Euskal Herriarekin zerikusia zuen proiektu orotan. Nahiz eta euskaraz ondo jakin ez, bazekien ekiten, hurrengo mendean beste askok bezala. Athletic Club-en Madrilgo fundazioan parte hartu zuen; ahalegin guztia egin zuen Eusko Ikaskuntzaren lana Espainiako hiriburuan zabaltzeko; beti saiatzen zen Madrilen bizi ziren euskal ikasleak biltzeko; euskara eskolak antolatu zituen, Euskal Etxea bultzatu zuen…”, nabarmendu zuen Ugartek. “Balio beza alfabeto honek bere irudia oroitarazteko, eta Txistu euskarazko lehen komiki aldizkaria berreskuratu eta gaur eguneraino ekartzeko”.

Bestalde, Anartz Gorrotxategi Arraia-Maeztuko alkatearen hitzetan liburu hori da omenaldi bero bat, aintzatespen bat, gogo onez egiten dioguna Arraia-Maeztuko musituar ospetsu bati, entzute handikoa izan arren ezezaguna Araban eta Euskal Herrian, zeina, Odón de Apraizen arabera, soldadu ezezagunaren ospearen duin baitzen, euskal kulturako gerrari soil izenaren duin”. “Duela hiru urte ikertzen hasi ginenean, uste genuen Txisturen ale guztiak galduak zirela. Akats hori zuzendu dugu, argitara ekarri baititugu aldizkariaren 16 aleak, eta irakurri ahal izan ditugu, eta ohartu gara denbora igaro dela, mundua aldatu dela, bai eta umorea egiteko eta ulertzeko modua ere, eta garai hartako komiki aldizkariak fosilduta dirauela gaur egun”, adierazi zuen Gorrotxategik.