Imanol Urbietaren Kanonak biltzen dituen liburua, laster EAEko eskola guztietan

Euskal kantagintzak izan dituen loraldien artean, R. M. Azkue eta ondoren etorri ziren Ez dok Amairuren ondoan, oharkabean kasik baina zabaltasun handiz sartu zitzaigun gure etxeetan Imanol Urbietak ekarri zuen abestien polen-lurrina. Eskolatik zetozen ume-umeek transmititzen ziguten lehenbizikoa eskolan ikasitako kanta haiek ziren, erabat herrikoi bihurtu zirenak urteen poderioz, eta eskolak berak behar zituen tresna kutsatzaile baikorrenetarikoa umeen ahotan kantak jartzea baitzen.

Ez zuen edonola egin. Haur-kantagintza estilo eta nortasun berria ezarri baitzuen; izan ere, euskara batua ere berria zenez geroztik, espero ez bezalako normaltasuna ezarri zuen euskara etxeetan sartzeko unean, bisitari txartelean haurren euskal kanta berriak zetozela hala nola, Lanroberra, Jon Braun, Astoa ikusi nuen, Txiki-txikia, Han zeuden…

Hortik ezagutzen dugu gehienok; Imanol Urbietaren bestelako lanak, ordea, ez ezagun izan baditugu ere —sarri gertatu ohi den bezala—, joan zitzaigunez gero, haren loria guztiak berriz azaleratu dira hil ostean Jesus Guridi kontserbatorioan egin zitzaion ondo merezituriko omenaldian. Euren artean KANONAK izenekoak dira, musika pieza hauek ahots bi baino gehiagotan abesteko obra sinpleak. Imitazioan dago oinarrituta eta giza ahotsez edo musika-tresnerekin interpreta daitezke. Familian edo umeen artean praktikatzen ziren duela 500urte baino gehiago, Sabin Salaberrik dioenez, Bach-en garaian, agian, goren gradua iristeraino. Imanol Urbietak 1989 urtean prestatu zuen KANON abesti-sorta handia argitara noiz eman amestuz hil zen 2016 urtean.

Imanolen inguruan bizi izan diren abesbatza taldeek 370 kanonetik gora bildu dituzte, eta argitara eman horietarik 153, baita batzuk CDan grabatu ere. Argitaraturiko KANONAK liburu eta CDa laster izango dira Euskal Herriko musika eskola guztietan.

Argitalpena Arabako Foru Aldudiaren ekimena izan da eta honako erakundeen lankidetza ere izan du: Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza saila, Bizkaiko Foru Aldundia, Gipuzkoako Foru Aldundia, Laboral Kutxa, Elkar argitaletxea eta Gasteizko eta Zarauzko udalak.

On egin dagizuela, Imanol Urbietak argi eta garbi utzi zuen bezala, KANONA egoki baino egokiagoa bihurtzen zaigu haurrengan kantuaren zaletasuna sorrarazteko.