Nor gara Arabako Euskara Zerbitzuak?

Arabako Kuadrilletan eta Trebiñuko Barrendegiko Udaletan, gizarte elebidun baterako bidean, euskararen sozializaziorako koordinazio, egikaritze eta sustapenerako zerbitzu teknikoen bilgunea.

Euskararen sozializazioa dugu helburu, hau da: gizartean gertatzen diren eguneroko eta aldizkako harremanetan, euskarak gero eta presentzia handiagoa izan dezan bideratzen dugu gure indarra. Horretarako, Arabako Kuadrilla, udal eta erakunde bakoitzak bere eragin-eremua du, eta, bakoitzak bere ingurunean, gizartea bera dugu eragingune, esparruz esparru.

Helburu eta jarduera askotan bat egiten dugu, ordea, eta, hori dela eta, nahitaezkoa da gure arteko koordinazioa.

Webgune honetan saiatu gara biltzen elkarlanean, modu partekatuan, Arabako lurralde osoari begira, martxan jartzen ditugun proiektuen berri ematen.

Hizkuntza normalizazioak baditu baliabideak, euskara zerbitzuak bagara nor, baina gizarteak ba al daki zertan ari garen euskaraz bizi nahi dugunok?

  • Arabako Euskara Zerbitzuak pedagogia lanak egin nahi ditu lurraldean zehar zabaltzen ari diren praktika onak eta dauden baliabideak komunikatzeko, bai euskal hiztunei, bai erdal hiztunei.
  • www.euskaraba.eus webgunea Arabako Euskara Zerbitzuen (AEZ) tresna izango da, dauden baliabide, proposamen, programa eta diru-laguntzak herritarrei bideratzeko.

Informazio gehiago eskuratu nahi baduzu edota zalantzaren bat baduzu, gurekin harremanetan jarri zaitezke behean agertzen den estekan. Harremanetarako galdetegia