Aldundiak 75 eta 240 € arteko laguntzak eskaintzen ditu euskaltegietan matrikulatuz gero

Arabako Foru Aldundiak  pertsona helduen euskalduntzea sustatzeko laguntza jarri du abian bigarren urtez jarraian. “Euskara ikasi nahi duten helduak, euskalduntze prozesuan abiatuko diren horiek, ahalik eta erraztasun gehien izatea nahi dugu, eta “hain merituzkoa den helburua lortzen lagundu nahi dugu eragozpen txikienak ere uxatuz”, azaldu du Euskera, Kultura eta Kirol saileko diputatuak,  Igone Martínez de Lunak. “Erakundeen ardura da euskara erabiltzeko aukera ematea euskara dakitenei, eta erabiltzen ez dutenei, ikasteko aukerak ematea”.

Arabako euskaltegiekin izandako lankidetzarekin, 18tik gorako arabarren euskalduntzea bultzatzeko deialdia zabaldu da lurraldean, A1, A2, B1 eta B2 mailetan 2017-2018 ikasturtean matrikulatuz gero. Matrikulazio prezioan doiketa izango du, 75 eurokoa baldin eta 248tik 400 ordu bitarteko modulua egiten badu, 120 eurokoa 401 eta 600 ordu bitartean, eta 240 eurokoa ikastaroa 601 ordutik gorakoa bada.

Martínez de Lunak gogoratu du ez dela administrazioko langileentzako laguntza, eta “ekainaren 28rako adinez nagusi behar da izan eta erroldatua Araban edo Trebiñuko udalerriren batean”.

Laguntza jasotzeko inprimakia  euskaltegietan edo www.araba.eus zein www.euskaraba.eus web guneetatik deskargatu ahal izango da. Eskaera egiteko epea irekita izango da 2017ko irailaren 29ra arte.